lunes, 22 de diciembre de 2008

DEFINITELY LAGUEPIE

Ezin nuen sinistu, ordubete baino ez zitzaidan falta leku zoragarri hori utzi behar izateko.

Azken gaua ahaztezina izan zen, hiru aste horietako une guztiak lez. Elkarrekin ikusi genuen zelan ezkutatzen zen eguzkia eta ilargi atera berriaren eta gutako batzuk piztutako suaren argipean egun guzti horiek birgogoratu genituen. Lehenengo eguneko urduritasuna nahiz inpresioak, eguzkiaren beroan igarotako lanegun gogorrak, guztion artean leundutakoak, Ibaian emandako arratsaldeak, hango herritar adeitsuekin bizitakoak, hamaika txiste eta jokoak, dantzak, parrandak… Egun horretaz ere egin genuen berba, hots azken lan eguna, hainbeste izerdi isurtarazi zigun lana amaitzean izandako sentsazioa, satisfakzioa. Nork pentsa zezakeen egun batzuk lehenago landarediaz estalitako gaztelu hori ikustea posible izango litzatekeela noizbait? Guk geuk lortu genuen hori, guztiok batera.

Gau hotza zen, baina ez zigun axola, pozik geunden , hain eroso, non arrapaladan bukatu zitzaigun gaua, eguzkiak bere lehen izpiak atara zituen, ez genuen berriz bertan ilargia elkarregaz ikusiko.

Azken gosaria, arraroa, triste nengoen, gainera ni eta nire laguna ginen alde egiten lehenak. Une goibel hori apurtzeko, bat batean norbaitek musika piztu zuen . ”algo en tu cara me fascina, algo en tu cara me da vida, sera tu sonrisa…..” gure abestia. Guztiok soroturik egongo bagina bezala hasi ginen dantzan, abestiak iraun zuen segundu bakoitza aprobetxatuz, nota bakoitza biziz.

Abestia bukatzean “leader”ak motxilak autoan sar genitzala eskatu zigun, berak eramango gintuelako geltokira. Besarkadak, muxuak, malkoak, elkar ikusteko promesak, besarkada gehiago, malko gehiago…. Ezin ginen banandu, elkarrekin bizitakoek lotura berezia sortu zuten gure artean.

Trenean nengoela hutsune bat sentitzen nuen, zeozer falta zitzaidan, hortaz, malkoak isuri nituen. Baina bat batean irribarre zabala marraztu zitzaidan bisaian, banekielako eta badakidalako berriz ikusiko ditudala Frantzian, Turkian, Txekian, Japonian, Korean, Errusian, Euskal Herrian zein munduko edozein bazterrean.

domingo, 21 de diciembre de 2008

Etorkizuna....



Etorkizuna edo patua
jada idatzirik dagoen liburua?
egongo al naiz neureagaz gustura?
poztuko al nau ene inguruak?
Nahiko nuke askatasuna
idazteko neure liburua,
baina ematen dit beldurra
aukeratzeak ene mundua.
Izango al da bide egokia neurea?
Izango al da zoriontasunaren bermea?

Bidegabekerien lekuko


Lotsa, mina,
Desorekaren samina
Mundu berdina
Bizimodu desberdinak.

Ikasketak, nekea,
Ene eguneroko bermea
Hamaika ardura
Datozkit burura

Lotsa, ordea,
Gogor daukat bueltaka
Ene pentsamenduan marmarka.
Lotsa,
Ikasteko aukera izan dudalako,
duin bizitzeko parada eman zaidalako


Lan, lan, lan,
ba al dakigu zer den benetan lan egitea,
orduak eta orduak horretan aritzea?

Nahi duena
Kexa dadila,
Ahoa ireki dadila,
Baina nik behintzat
Ezpainak josiko ditut,
Lotsaren orratzaz,
Gogor itsats daitezen
Ixilik gera daitezen

Photographer: Disgustipado