Egunero jolasten zuen Kardantxorirekin, orduak ematen zituzten elkarrekin kantari, egunero, goizero, arratsaldero, baina ez gauero. Gauetan Kardantxori ez zen Enararen habian geratzen, bere etxera joaten zen, bere zulora, bere emaztearekin, ez Enararekin.
Enarak ez zuen hegaz egiten, bere habian geratzen zen, gauren batean bere laguna etorriko zeneko esperantzarekin. Baina sekula ez zen hala gertatzen. Kardantxoriak egunak eskeintzen zizkion, irribarreak; baina Enarak gauak ere nahi zituen, berarekin ikusi nahi zuen ilargia, berarekin abestu nahi zion izar bakoitzari, hurbiletik ikusi nahi zuen zerua, Kardantxorirekin.
Kardantxorik hegaz egiten zuen gauero, bere emaztearekin, izarrak ikusten zituzten elkarrekin gauero, hurbiletik. Enarak ez. Enarak ez zuen Kardantxori gabeko hegaldirik nahi, bera gabeko izarrik nahi, bera gabeko ilargirik nahi, bera gabeko kanturik nahi.
Kardantxori ezagutu zuenetik pentsatu izan zuen bera zela bere etorkizuna, bere bidea, bide bakarra zela eurena. Baina etsiturik zegoen jada, mindurik, gau larregi eman baitzituen bere lagunaren zain, emaztearekin hegaz ikusiz, gau larregi, malko larregi. Bide berria egitea erabaki zuen, izarren bila, konturatu baitzen nahiago zuela izarrak Kardantxori gabe ikusi, sekula ez ikustea baino.
Enarak alde egin zuenean Kardantxorik negar egin zuen, ez zuen berriz txoritxoaren doinua entzungo...
No hay comentarios:
Publicar un comentario